Ontzi berrerabilgarriak dendetan erabiltzeko kanpaina

Antzuolako Udalak eta Kutxa Ekoguneak ONTZIRATU ZAITEZ! kanpaina abiatu dute, dendetan ohikoak diren paper eta plastikozko poltsak murrizteko eta ontzi edo tuperren erabilera bultzatzeko.

P1350980Aurkezpeneko prentsaurrekoa

Hasiera batean Antzuolako bi dendek egin dute kanpainarekin bat: Kalebarren janari dendak eta arrandegiak. 

Udalak herritarrei etxebizitza bakoitzeko kolore berdeko ontzi bana emango die. Dendara eramatea ahaztuz gero, dendetan ontzi urdinak egongo dira, gero berriz dendara bueltatu beharko direnak.

Ontziok doan banatuko dira, otsailaren 6ean, ostegunean, arratsaldez 16:00etatik 19:00etara Udaletxeko arkupeetan eta otsailaren 7, ostiralean, goizez, 9:00etatik 12:30etara Udaletxean.

Kanpainak dirauen sei hilabeteetan zehar, Kalebarren eta arrandegian erosketak egiteko ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenen artean, hilean behin, 20 euroko erosketa txartelak zozketatuko dira.  

Helburuak:
Ontziratu zaitez kanpainarekin produktu freskoak erosten direnean sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. “Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsa baten edo bitan sartzen baitira ondoren eta bizitza oso laburreko materialak dira”, azaldu du Otazok.

Ekimen honekin hiru lorpen egiten dira: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango da. Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.  Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da.

Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean ONTZIRATU ZAITEZ! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik,  egitasmoa Gipuzkoako 28 herrietara zabaldu da. Ordutik bi urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratu dute, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Antzuolan ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia.