Jaiak

1. JAI NAGUSIAK

Uztaileko hirugarren domekan bukatu eta aurreko ostegunera arte izaten dira. Ostegun iluntzean hasten dira jaiak, Oinarin dantza-taldeko txikienen ikurrin-dantzarekin eta Udaleko zinegotzien dantzekin.

Jaietako ekintzarik nagusiena, baina, larunbatean egiten den Mairuaren Alardea da.

Alardearen ondoren ere herriko dantzariek urtero dantza saioa eskaintzen dute. Besteak beste, “Trokeo-dantzak” izenarekin ezagutzen ditugun dantzak egiten dira; hau da, makila txikiak, makila handiak, zinta dantza eta uztai edo arku-dantza.

2. AUZOETAKO JAIAK

2.1. SAN BLAS:

Otsailaren 3an da San Blas eguna, baina aste horretako zapatuan ospatzen da jaia Basaldeko ermitan. Katarro eta eztarriko gaitzen zaindari dela esaten da. Egun horretarako herriko okinek apropos egindako San Blas opilak eta kandelak bedeinkatzen dira.

2.2. SANTA AGEDA:

Galartza auzoan ospatzen da, otsailaren 5ean. Bezperan, eguna argitu bezain azkar, herriko kintoak Antzuolan baserririk baserri ibiltzen dira kantuan, santa eskean. Gero, ilunabarrean, herrira jaitsi eta auzoz auzo ibiltzen dira, kantuan.

2.3. KORPUS JAIAK ONDARREN:

Korpus egunaren asteburuan ospatzen dira. Zapatu goizean, besteak beste, ginkana izaten da. Arratsaldean ere umeendako ekintzak izaten dira nagusi: krossa, jolasak, merienda... Gauean, giro aparta egoten da auzotarrek gertatuko afarian. Domeka goizean prozesioa izaten da ekitaldi nagusia.

2.4. SAN JOANAK UZARRAGAN:

Uzarragako jaiak San Joanak (ekainak 4) dira, bezperan zuhaitza sartu eta sua pizten da. San Joan Txiki (abuztuak 29) ere ospatzen da.

2.5. SAN PEDROAK KALEBARRENEN:

Ekainaren 29an dira Kalebarrengo jaiak, San Pedroak. Bezperan, gauean, auzoko balkoi edo leihoetan loreontziak lapurtu eta beste toki batean lagatzeko ohitura omen zegoen. Jaietako ekintzarik aipagarrienetako bat zapatu gauerdian egiten den sagar-dantza da, baita bi urtean behin egiten den asto-lasterketa ere.

2.6. SAN MARTZIALAK LIZARRAGAN:

Lizarraga auzoko zaindaria da San Martzial. Jaia ekainaren 30ean ospatzen da, ermitan bertan, herriko plazatik 2,7 km-ra. Auzokoek San Martzial egunean ateratzen dute bertako pitxer berezia, “sirve para San Marcial” idatzita daukana.

3. SAN ISIDRO

Berez, maiatzaren 15ean da, baina feria aste horretako zapatuan egiten da. Orain dela gutxira arte, ganadu eta baserriko tresnen azoka egiten zen bakarrik, baina gaur egun ganadu, artisautza eta janari saltzaileak egoten dira.

4. INAUTERIAK

Inauterietako igandean sorgin-dantza egiten da. Hartza, tximinoa eta domadorea ere ateratzen dira. Antzuolak inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa betidanik izan du, entzutea dugunez.

Ez dakigu sorgin-dantza noiz egin zen Antzuolan lehenengo aldiz. 1922 inguruan dantzatu zuen dantza talde batek, baina jakin badakigu dantzari horiei 25-30 urte gehiago zeuzkan Nikomedes Letek irakatsi ziela dantza hori, beraz, 1885 inguruan dagoeneko dantzatzen zen Antzuolan sorgin-dantza. Dantza honekin batera beste hiru pertsonaia berezi izaten ziren inauterietan: hartza