Ikurrinari omenaldia

Herritar agurgarria.

2012ko ekainean Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik jasotako agindu baten haritik, helegiteen bitartez bide administratiboa agortu ostean, 2013ko azaroaren 14an Euskadiko Auzitegi Nagusiko Auzi Aretoak sententzia irmo bitartez udal eraikinean Espainiako bandera jarri beharra ebatzi zuen.

Espainiako gobernutik datorkigun inposaketa honen aurrean, udaleko arduradunok, honako azalpenak eman nahi dizkiegu Antzuolako herritarrei:

- Ebazpena ez betetzeak dituen legezko ondorioak honakoak dira:

  • Indarrezko aplikazioa deritzon prozesua: honen bitartez administrazioak espainiar bandera ipini egingo luke udaletxean datozen hilabeteetan, horretarako polizia edo dena delako autoritateak bidaliaz.
  • Alkatearen urtebeteko soldataren tamainako isuna.
  • Alkatearen edo dagokion arduradunaren inhabilitazioa, bandera ipini ezean praktikan udala gobernurik gabe geratzera eramango lukeena, bandera ipintzen ez duten guztiei aplikatuko baitzaie inhabilitazioa.

- Desobedientzia jarrerak ez du beraz mugarik gabe banderarik ez jartzea ziurtatzen (Indarrezko aplikazioa martxan jarri artean soilik), eta uste dugu herriak ezin diela aurre egin jarrera horrek dakartzan ondorioei.

- Hori dela eta, bandera espainiarra ipini egingo dugu, urtarrilaren 12an, auzitegien ebazpena beteaz.

Azalpen hauek ematearekin batera, honako deialdiak egin nahi ditugu:

- Inposaketaren aurka agertzen diren alderdi politikoei, nazio mailako estrategia adostu dezatela, denon artean mota honetako inposaketei aurre egin ahal izateko.

- Era berean, Euskal Herriaren burujabetzara bidean antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

- Antzuolako herritarrei, inposaketa honen aurrean antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten diegu:

  • Ikurrinari omenaldia eta salaketa ekitaldia, urtarrilaren 10ean, arratsaldeko 19:30ean, herriko plazan.
  • Ezadostasuna adierazteko, etxeetako leihoetan ikurrinak ipinita edukitzea, urtarrilaren 10etik amaierara.

Inmaculada Beristain.
Alkatea.

 

Breadcrumb