Aurrekontu parte hartzaileen balorazioa

Hauxe da 2013ko aurrekontu parte hartzaileetako urteko balorazioa:

Antzuolako udalak 2013ko aurrekontuak herritarren laguntzarekin osatu zituen. Udalak gisa honetako ekimen bat martxan jarri zuen lehen aldia izan zen. Guztira 150 herritarrek parte hartu zuten 16 urtetik gorakoei banatutako galdetegian eta arloz arlokako batzarretan. Prozesu honi esker hainbat kezka, proposamen eta iritzi plazaratu zituzten herritarrek, guztion artean lehenetsiz herri ikuspegitik garrantzitsuenak zirenak.

Aipatu bezala plazaratu ziren proposamenak arloz arlokoak izan ziren eta 2013. urtean udalak ahalegin berezia egin du horiek abiarazteko asmoz, hala ere, batzuk ezin izan ditu martxan jarri. Ondoren, herritarrek lehenetsitako aukeretatik udalak urte guztian zehar aurrera atera dituen proiektuak azalduko dira, baita, atera ez direnen arrazoiak ere.

Ongizatea
2013ko aurrekontu parte hartzaileetan, ongizateari dagokionez, nagusitu eta lehenetsi zen gaietako bat Antzuolak azken urte hauetan izan duen hazkundea izan zen. Gure herriak beste herrietatik zein, beste herrialdeetatik etorritako jende ugariri egin dio harrera. Egoera horrek eragin zuzena izan du herriko hainbat arloetan: udal kudeaketan, herritarren arteko harremanetan, eskolan... hori dela eta, herritarrek egun herriak bizi zuen egoera soziala aztertzeko eta horri buruz hausnartzeko beharra adierazi zuten.

2013an udala herritarrek azaldutako kezka horri irtenbidea ematen saiatu da eta elkarbizitzarako plan bat abiarazi du. Plan honen helburu nagusia jatorri desberdineko herritarren arteko elkarbizitza arlo guztietan (kultura, hezkuntza, bizimodu...) sustatu eta bultzatzea da.

Prozesu hau apirilean hasi zen eta ekainera bitartean, 3 saio egin ziren. Guztira 42 herritarrek parte hartu zuten. Lehen fasean herritarrak elkar ezagutzeaz eta norberak zuen ikuspuntua adierazteaz gain, herritarron elkarbizitzarako oinarrizko balioak (errespetua, berdintasuna etab.) eta premiak zehaztu ziren. Parte hartzaileek, batzar horietatik ondorioztatutako balioak garatu eta indartzeko hainbat ekimen proposatu zituzten, horiek udaleko arlo desberdinekin lotuz (kultura, ongizatea, euskara).

Elkarbizitza planaren bigarren fasea berriz, urrian hasi zen. Atal honetan, lehen faseari jarraipena eman zaio eta aipaturiko arloak sakontasunez aztertu eta landu dira. Horretarako herritarrek euren bizipen eta iritziak plazaratu dituzte. Prozesu honi esker udal eta herritarrek etorkizunera begira elkarbizitzarako jarraitu beharreko pausuak zehaztu dituzte.

2014.urtean Udala herritarrekin batera prozesuko ondorioak lantzen joango da.

Hezkuntza
Hezkuntzari dagokionez, herritarrek hainbat proposamen egin zituzten, hala ere, hezkuntza udalaren eskumenetatik at egonik ezin izan dira aurrera eraman herritarrek lehenetsitako zenbait gai.

Lehenetsien artean, eskolak azken urte hauetan duen arazo kezkagarria izan zen. Herriak izan duen hazkunde demografikoa dela eta, eskola txiki geratu da Antzuolako haurrentzat.  Udala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegaritzarekin harremanetan egon da arazo honi irtenbidea eman nahian, berari baitagokio eskola handitzeko lanak egitea. 2016rako eskola handitzeko lanak egitea aurreikusten bada ere, irailean eskola prefabrikatu bat jarri zen. Eskola prefabrikatua jarri ahal izateko, egokitzapen lanak egin behar izan ziren eta horien kostua udalak hartu zuen bere  gain, nahiz eta Hezkuntza delegaritzari zegokion. Ondorioz udalak 24.000 euroko inbertsioa egin behar izan  du eta Delegaritzak 13.000 euro ordaindu ditu.

Hezkuntza, udalaren eskumena ez izatean eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegaritzaren menpe egotean ezin izan dira aurrera eraman ikasgelatan gazteleraren presentzia gutxiagotzeko proposamena, ezta DBHko lehen zikloa Antzuolan egiteko aukera ere.

Bestetik, hezkuntza helburu orokorretan zentratzeko beharra ikusi zen eta norabide horretan udalak talde bat eratu du herrian ematen diren txikizioen gainean hausnartu eta konponbideak topatzeko asmoz.

Aisialdia
Udalak gaztetxoenek aisialdiaz gozatzeko zituzten baliabideen gaineko hausnarketa bultzatu zuen aurrekontu parte hartzaileetan. Gauzak horrela eskolako patioko, frontoiko eta futbol zelaiko arautegiak aldatu ziren txikienei lehentasuna bermatuz eta arautegiak bistaratuz. Hortaz gain Udalak gaztetxoen bitartez, skate park bat egiteko hainbat eskaera jaso zituen, baina ezin izan da proiektu hau gauzatu. 2013ko inbertsioetan udalak 30.000 euroko diru lerroa gorde zuen gaztetxoenen proposamena egiteko asmoz.

Udalak parke hau egiteko hainbat kontsulta egin ditu, baina gisa honetako parke bat egiteko behar diren baldintzak ez ditu gure herriak. Batetik, Udalak aurreikusita zuen parkea egiteko lur azalera handiko espazioa behar zen eta bestetik, skate park batek bizilagunen artean zarata arazorik sor ez dezan, etxetik parkera distantzia gordetzea gomendatzen dute adituek. Baldintza horiek ez betetzean udalak parkearen egitasmoa etorkizun baterako utzi du baina aurten ere lantzeko asmoa dago.

Gaztetxokoaren erabilera ere aztertu zen prozesu honetan. Herritarrek lokalaren erabilera urriaz, iritziak elkar banatu eta  hausnartu ondoren, astean zehar berau irekitzeko proposamena egin zuten. Udala gaztetxoekin elkartu eta proposamena lantzen aritu zen, hala ere, gaztetxoek ez zuten astean zehar gaztetxokoa irekitzeko beharrik ikusten edukitzen duten agendarengatik. Gaztetxoen eta begiraleen iritziak jasota 2012-2013ko ikasturterako udalak hainbat aldaketa egin zituen gaztetxokoaren funtzionamenduan: doako sarrera jartzea, adina, ordutegiak... kurtso bukaeran ikasturteko balorazioa ere egin zuen udalak bai begiraleekin baita gurasoekin ere eta emaitzak positiboak izan ziren,nahiz eta gurasoen parte hartzea oso murritza izan.

Aisialdiaren gaia aztertzean herritar batzuek, 0-8 urte bitarteko haurrentzat gurasoek kudeatutako lokal bat egotea proposatu zen. Urte honetan zehar udala gai hau lantzen ibili da eta gaztetxoek lokalaren beharrik ez zutela ikusirik Txiki-Txoko jarri da martxan. Irabazi asmorik gabeko Kirikixo elkarteak haurren aisialdia garatzea du helburu, eta edozein herritarrek izango du bertara joateko aukera.

Frontoian asteburuetan argia jartzeko eskaera alde batera uztea erabaki zen aurrez gauez bertan izan ziren txikizio eta arazoengatik.

Kirola
Parte hartze prozesu honetan kirol arloan  nesken kirola bultzatzeko nahia gailendu zen. Antzuolan kirolean,  orokorrean,  nesken parte hartzea gero eta txikiago dela ohartarazi zuten herritarrek eta eskola kirolean adinak aurrera egin ahala neskek zuten presentzia gutxiagotuz zihoala aipatu zen. Egoera hau ikusirik Udalak ahaleginak egin ditu neskek pisu gehiago eduki dezaten kirolean. Oraindik ere lantzen jarraitu behar den gai bat bada ere, 2013- 2014 denboraldirako neskek osaturiko futbol talde bat dago. Bestalde, Olalde kirol elkartea ere  ahaleginetan dihardu neskak esku pilota mundura gerturatu daitezen.

Eskola kirolari dagokionez, hainbat gurasok euren kezkak azaldu zituzten eta maiz gurasoek haurrei kirol bat erakusteko izaten dituzten zailtasunen gainean hitz egin zen. Pausoka egoera honetaz hausnartzen egon da eta Udalak bide horretan ere bere urratsak egin ditu baina etorkizun hurbilean bien elkarlana ezinbestekoa izango da zerbait lortzeko saiakeran. Horrekin batera, gurasoek herriko gaztetxoek noizbehinka Antzuolan jokatzeko aukera aztertzea eskatu zuten. Udalak Bergarako Udalarekin gestio batzuk egin ondoren Pausokarekin batera 157 ume batzea lortu zuten kirol eguna herrian ospatuz eta Bergara, Antzuola eta Elgetako gazteak batuz.

Bestalde, Pausokak udalari eskola kiroleko arropa berritzeko diru laguntza eskatu zion, 15 urtez Antzuolako gaztetxoenak arropa berdinarekin ibili izan baitira. Diru laguntza eman ondoren, egun, ekipazio berriak dituzte eskola kiroleko kide guztiek.

Partehartze prozesuan aipatutako beste gai batzuen artean, Debagoieneko txartela eta mendi lasterketa izan dira 2013an egin diren beste bi ekimen. DKT txartelari esker, antzuolarrek, Bergara, Oñati, Eskoriatza eta Arrasateko instalazioak erabiltzeko aukera izateaz gain, Antzuolako gimnasioan ere sartu daitezke. 2014rako ere DKT txartela ateratzeko aukera mantenduko da. Mendi lasterketa antolatzeko udalak Debagoieneko Antxintxika Triatloi taldearen eta herritarren laguntza izan zuen eta oso arrakastatsua izan zen, 300 parte hartzailerekin eta hortaz gain umeendako plastikozko motortxoen lasterketa ere antolatu zen.

Kirol instalazioetako erabilera arauak ere berritu eta bistaratu egin dira.

Kultura
Kultura arloan hainbat gai landu ziren eta proposamenak ere egin zituzten herritarrek. Guztien artean lehenetsitako proposamena herriko kultura eta sortzaileak bultzatzeko nahia eta beharra izan zen. Antzuolan betidanik izan dute herriko kultur elkarteek garrantzia handia, horiek baitira herriko kulturaren motorra baita transmisio lana egiten dutenak hein handi batean. Herriko sortzaileak ere oso presente daude Udalean eta urtean zehar hainbat herritarren lanak erakutsi dira. Udalak orain arte bezala  horiek bultzatzen jarraitzen du.

Garrantzia handia izan zuen beste gai bat, jatorri desberdineko herritarren arteko elkar ezagutza bultzatzeko nahia izan zen. Antzuolak azken urte hauetan izan duen hazkundean kultura desberdinek egin dute topo eta elkarbizitza egoki baterako beharrezkoa ikusten zen elkar ezagutza. Gai hau udalak martxan duen elkarbizitza planean garatuko du, izan ere, nahiz eta 2013an hasi etenik ez duen prozesua da eta 2014an hainbat ekintza egingo dira kulturartekotasuna bultzatu asmoz.

Euskara
Euskararen inguruan, herritarrek euskarak herrian duen presentziaz egin zuten hausnarketa. Euskarak egun herrian bizi duen egoeraz ardura azaldu zuten herritarrek, eta kaleetan  euskararen presentzia handitzeko ekintzak proposatu zituzten. Ekintza batzuen artean Hikaren inguruko lanketa egitea eskatu zen. 2013ko udaberrian Juan Martin Elexpuruk Hitanoaren inguruan hitzaldia eman zuen eta hikaren erabilera zein zen azaldu zuen. Udalak hika herritarren artean hitz egiteko ikastaroa antolatu zuen.

Mintzalaguna antolatzea izan zen herritarrek adierazitako beste nahi bat. Hau oraindik ere ez bada egin, kontuan izan behar dugu 2014rako Elkarbizitza planaren barruan gisa honetako ekimen desberdinak egitea aurreikusten direla.

Herritarrek Antzuolan euskararen erabilera aztertzeko beharra ikusi zuten. Euskararen erabilera neurtzeko azterketak Euskal herriko sozio linguistika Klusterrak burutu ditu eta jadanik hiru aldiz egin dira 2001ean, 2005ean eta 2011an. Egin zen azken neurketaren emaitzak 2013an herritarrei aurkeztu zaizkie eta horien arabera, euskararen erabilera murriztuz doa, 2001ean %69,4 izatetik 2011an %65,4 izatera igaro da.

Azkenik, euskara ikasteko diru laguntzak eskatu zituzten. Udalak aspalditik eskaintzen ditu diru laguntza horiek. Herrian euskara ikasten dutenek ez dute ezer ordaindu behar, baina, euskara mailaren arabera beste herriren batera joanez gero, udalak kostuen %50a ordainduko du.

Nekazaritza eta ingurugiroa
Nekazaritza eta ingurugiroa arloa aztertzean herritarrek lehenetsi zuten proiektua Biomasa izan zen. Udala eta herritarren kezkek eta lehentasunek bat egiten zutela ikusirik, udalak proiektu honekin aurrera egitea erabaki zuen . Udala harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritza eta EEE-rekin (Energiaren Euskal Erakundea) eta Antzuolara etorri ziren proiektua ezagutzeko asmoz. EEE,  Antzuolak proiektu hau gauzatzeko dituen baliabideen azterketa egiten ari da, udala erantzunaren zain dago.

Herri inguruan jasaten ari garen lanak direla eta, herritarrek lan horiei jarraipena egitea ere eskatu zuten. Udala hilero AHT-ko  eta Foru Aldundiko arduradunekin elkartzen da lanok herrian ahalik eta ondorio negatibo gutxien eduki dezaten.

Trafikoa
Udalak, herriko trafikoaren egoera bere osotasunean aztertu eta irtenbideak bilatu nahi ditu, hori dela eta afera honek ez du oraindik erantzunik izan. Hala ere, udalak autobusa herri gunetik ateratakoan gai honi lehentasuna emateko asmoa du.

Parte hartze prozesuan herritarrek gaizki aparkatzearen aurrean neurriak hartzearen aldeko apustua egin zuten. Herrian hainbat gora behera eta Ertzaintzarekin gaizki ulertu egon izan dira gaizki aparkatutako kotxeak direla eta. Beraz, udalak lehenik eta behin kotxeak aparkatu ezin diren guneak garbi seinaleztatuko ditu aipaturiko gaizki ulertuak ekidin daitezen.

Hirigintza
Hirigintza gaia aztertzean, herrian zeuden muga arkitektonikoek hartu zuten pisua. Horiek hainbat herritarren egunerokotasunean oztopo ziren eta 2013ko martxoan egin ziren oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak. Udalak bi helburu zituen lanokin: alde batetik, oztopoak kentzea eta bestetik, etorkizunera begira oinezkoek lehentasuna izango zuten herria diseinatzea. Herriko zenbait auzotan egin ziren hobekuntzak hala nola, Antigua, Ibarre, Aiherra, Kalebarren...

Bestalde, herritarrek garrantzia eman zien beste gaietako bat Antzuolatik Bergara egingo duten bidegorria izan zen. Bidegorria, kolektorearekin batera, 2015erako biak bukatuta egotea aurreikusten dira eta lanok Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku daude.

Udalaren ekipamenduen gaineko eztabaida ere egon zen eta horiei beste erabilera bat emateko azterketa egitea ere proposatu zen. Udalak 2013an elkarbizitza planari lehentasuna eman dio, herritarron arteko harreman eta elkar ezagutzea, beharrezkotzat jotzen duelako herria eraikitzen jarraitzeko.

Breadcrumb