Antzuolan egindako euskararen kale neurketaren emaitzak

Hona hemen 2011. urteko udazkenean, Antzuolako Udalaren eskariz, Soziolinguistika Klusterrak egindako Antzuolako hizkuntza‐erabileraren kale‐neurketa, 2011 ikerketaren ondorio nagusiak:

• %65,4koa izan da Antzuolan euskararen erabilera. Elkarrizketa gehienak, hortaz, euskaraz izan dira. Gainerakoak gaztelaniaz (%33,4) edo beste hizkuntza batzuetan (%1,2) izan dira. Euskararen ezagutza kontuan hartuta (antzuolarren %74,0 dira gai euskaraz hitz egiteko, 2006ko datuen arabera), handia da erabilera.

• Hamar urte lehenago egindako neurketaren arabera, ordea, %69,4koa zen euskararen erabilera 2001 urtean. Hamar urtean,
beraz, jaitsi egin da apur bat euskararen erabilera Antzuolako kaleetan. Urteetan atzera eginda, berriz, eta nahiz eta eskura
dauzkagun datuak zuzen‐zuzenean alderagarriak izan ez, esan dezakegu euskararen erabilera asko igo zela herrian 80ko
hamarkadaren bukaeratik 90eko hamarkadaren bukaerako urteak bitartean. Ezagutzaren bilakaera ere ildo beretik doa: gora egin zuen joan den mendeko amaierako urteetan, eta, poliki bada ere, behera egin zuen 2001‐2006 tartean.

• Alde esanguratsuak antzematen dira hizkuntza‐portaera adinaren arabera aztertuz gero. Haurrak (2‐14 urte) eta gazteak (15‐24 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %80,1 eta %91,2, 40 hurrenez hurren, 2011ko neurketako datuen arabera. Helduek (25‐64 urte) eta adinekoek (65 urtetik gorakoak), berriz, gutxiago erabiltzen dute euskara: helduen %56,4 entzun ditugu euskaraz eta adinekoen %45,4.

• Adin‐taldekako euskararen erabilerarekin jarraituz, oso deigarria egin zaigu gazteen datua. Batetik, gainerako adin‐taldeen
erabilera‐tasa, haurrena, zehazki, gainditu egiten duelako (eta hori ez delako arrunta beste herrietan). Bestetik, gazteen artean
ezagutza maila baino handiagoa izen delako erabilera maila Antzuolan. Guztiarekin ere, Antzuolan ez da betetzen Euskal
Herrian oro har dagoen joera bat: daukaten gaitasunerako, gazteak izatea, proportzionalki, euskara gutxien erabiltzen dutenak. Horrela, Euskal Herria bere osoan hartuta eta bertako udalerri eta zonalde gehienetan, Antzuolan ez bezala, gazteek askoz ere gutxiago erabiltzen dute euskara haurrek baino. Horregatik, esan bezala, aipagarriak iruditzen zaizkigu Antzuolako datuak.

• 2011ko neurketaren arabera, haurrek gehiago egiten dute euskaraz euren artean daudenean, nagusiekin daudenean baino. Nagusiek, aitzitik, gehiago egiten dute haurrekin daudenean, euren artean haurrik gabe daudenean baino.

Ikusi txosten guztia.

Breadcrumb